XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta azkenean, Jorgensen Rosewater dela jakin duzunean, berriro ere aldatu eta ezkutuan gordetzen duzu, ez diruarengatik oraingoan, baizik eta Jorgensen ahalik eta modu txarrenean uzteko, zigortzeko, maitasunez ezik, Wynanten aurkako azpijokoaren parte bezala ezkondu delako zurekin.

Irribarre egin zuen lasai eta galdetu: - Benetan uste duzu edozertarako kapaz naizela, ezta?.

- Horrek ez dio axola - esan nuen.

Zuri benetan axola beharko lizukeena beste gauza bat da, espetxeren batean bukatuko duzula seguraski.

Egin zuen garraisia ez zen ozena izan, baina bai beldurgarria; lehen aurpegian zuen beldurra ezer ez zen oraingoarekin alderatuz.

Solapetatik heldu ninduen eta zintzilikatu egin zen, erreguka.

- Ez horrelakorik esan, ez esan mesedez!.

Esan ez duzula horrelakorik pentsatzen!- dardarka ari zen, eta beso batez inguratu nuen eror ez zedin.

Ez genuen Gilbert etortzen aditu eztula egin zuen arte.

- Ez al zaude ondo, ama?.

Eskuak poliki kendu zizkidan gainetik, pauso bat atzera egin eta esan nuen: - Tuntuna duzu oso ama - dardarka ari zen oraindik, baina irribarre egin zidan eta ahots jostaria atera zuen -: A zer nolako astaputza zaren ni horrela ikaratuz.

Sentitzen nuela esan nion.

Gilbertek berokia eta sonbrerua aulki batean utzi, eta batari eta besteari begiratu zigun interesaturik.